epeldeAntoniano ikastetxea Zarauzko frantziskotarren historiari lotua dago ezinbestean. Komentuaren jaiotza 1610.urtean izan bazen ere, komentu-etxearen erabilpena neurri handi batean eskola-lanari lotua suertatu zen 1842.etik aurrera.

  • 1911.urtean Antoniano Gazteria sortu zen. Bere helburua herriko gazteentzat bilgune bat sortzea bazen ere, hasieratik mugimendu garrantzitsuena irakaskuntza izan zen.
  • 1912.urtean eraiki zen "Antoniana txikia" deituriko eraikina, eta bertan musika eta marrazketa eskolak ematen hasi ziren.
  • 1914. urtean Lehen Hezkuntzako eskola ipini zen, gaur egungo gure eskolaren aintzindari izan zena.
  • 1922. urtean beste eraikin batekin osatu zen eskola, orain haur eta lehen hezkuntza kokatuta daudenak hain zuzen ere.
  • 1926. urtean Batxilergoa eta zurgindegi eta taila tailerra jarri ziren martxan.
  • 1946. urtean inauguratu zen lanbide eskola berria.
  • 1958. urtean eraikin berria egin zen, orain DBH kokatuta dagoena.
  • 1965. urtean eraikin berri bat gehiago egin zuten, non Batxilergoak eta zikloak kokatzen diren gaur egun (Oteitza Lizeoa)
  • 1995. urtean Haur eta Lehen Hezkuntzako eraikina bota eta guztiz berritu zen.
  • 2007. urtean inauguratu da DBHko eraikin berria.

Pixkanaka handitzen joan den ikastetxe honek aldaketa garrantzitsu bat jasan du azken urteotan. Frantziskotarrek eskolaren titulartasuna utzi eta 2 zatitan banatu dute bera, bi fundazio sortuz: Jose Domingo Epelde eta Bitoriano Gandiaga. Hauek dira gaur egungo 2 ikastetxeen kudeaketaz arduratzen diren fundazioak. Jose Domingo Epelde da Antoniano ikastetxearen kudeatzailea eta Bitoriano Gandiaga Oteitza Lizeo Politeknikoarena.

Gaur egun, beraz, Antoniano ikastetxea Haur Hezkuntza , Lehen hezkuntza eta Bigarren Derrigorrezko Hezkuntzaz (DBH) arduratzen den ikastetxea dugu, bertako titulartasuna eta kudeaketa frantziskotar, irakasle eta gurasoen esku dagoelarik.

 

Jose Domingo Epelde Uranga
 
Azkoitian jaio zen 1870eko martxoaren 26an, bederatzi anai-arrebatik bigarrena, eta Zarautzen hil zen 1956ko azaroaren 25ean, 86 urte zituelarik.

24 urterekin apaiztu zen eta Frantziskotarren artean hainbat ardura izan zituen, besteak beste Arantzazuko seminarioko zuzendaria, nobizioen maisu, Bermeoko komentuko guardianoa eta Zarauzko komentuko bikarioa izan zen. Baina bere bizitzan azpimarragarriena gaztediaren alde egin zuen lana da.

Antonianotar Gaztediaren Elkarteak sortu zituen Bermeon, Bilbon, Seguran eta Zarautzen. Bai Antonianotar Gaztedia, eta bere barnean sortu zen Zarauzko Antonianotar eskola bere bultzadari zor dizkiogu.

Antoniotarren ekintzen berri emateko eta zabaltzeko Bandera Antoniana aldizkaria sortu eta urte luzez argitaratu zuen.

1912ko abenduaren 21ean musika eta marrazketa akademiak sortu ziren eta 1914ean Jose Domingo Epeldek bultzatuaz lehendabiziko aldiz lehen hezkuntzako Antoniano Eskola jarri zuen martxan. Gero 1919ko irailean eta  bere zuzendaritzapean, ofizialki sortu zen Antoniano Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako Eskola.

2012an, Zarauzko frantziskotarren lehen hezkuntza erakundea sortu zenetik  100 urte bete zituen Antoniano Ikastetxeak.

Jose Domingo Epelde Fundazioa, Antoniano Ikastetxea izena duen Hezkuntza komunitateari babes juridikoa emateko sortzen da.